XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4. ARIKETA OSAGARRIAK

Testu azterketa: kokapena, edukina eta forma.(165.or.)

Kokapena

Bernardo Atxaga (Jose Irazu Garmendia) asteasuarra dugu, 1951 urtean jaioa.

Zalantzarik gabe, Euskal Literaturak gaur egun duen idazlerik garrantzitsuenetakoa izateaz gainera, gure Herritik kanpora proiekzioa eta osperik handiena erdietsirikoa ere bada.

Bere lanaren nazioarteko oihartzun horretan Obabakoak izeneko obra zinez landua izan da arrazoi nagusia, lan horrekin onako sariak lortuz: Espainiako Literatur Sari Nazionala eta Euskadi Saria; Europa sarirako finalisten artean kokatzea ere lortu zuen.

Poesia, nobela, hitzaldi eta beste direla medio, literaturaren munduan buru-belarri sarturik bizi izan da urteetan Bernardo Atxaga, eta ekimen horren fruitu dira bere azken emaitza baliotsuak.

Idazlearen etorkizuna are oparoago barruntatzen da.

Trikuarena poema soltea, 1988an sortua, bi urte geroago argitaratu zen beste zenbait olerki eta besterekin batera, Poemas ampamp; híbridos liburuxka elebidunean.

Poema narratibotzat edo, har dezakegu.

Poema diogu, nahiz eta metrikaren zein errimaren aldetik horretarako arrazoirik ez eman, idazleak bere intentzioz horrela aurkezten digulako poemei eskaini behar zaien irakurkera eman diezaiegun, alegia; narratiboa dela diogu, trikuaren zenbait gorabehera kontatzen baita, amaiera konkretu batekin.

Edukina eta forma

Trikuarena-k kirikino baten istorio laburra kontatzen du, bere habian esnatzen denetik automobil baten gurpilpean amaitzera doan unera arte, tarte horretan animaliatxoaren ohiturak eta, nolabait, izaera deskribatuz.

Gaiak badu, autoreak trikuarekiko erakusten duen begikotasunaz gainera, beste proiekzio zabalagorik.

Izan ere, bi elementu, elkarkontrajarriak, azaltzen dira: trikua eta automobila edo, nahi bada, irakur bedi natura eta zibilizazioa, azken lerroetan halako egokitasunik eza, bidegabekeria agertzen delarik, gaia neurri handi batean ekologiko bihurtuz.

Idazlearen jarrera eta tonua, bestalde, trikuaren aldekoak dira, egilea kirikinoaren defendatzaile bezala ageri da, samurtasunez eta mirespenez azaltzen baititu animaliaren sen naturala, berezko joerak eta automobilarekiko duen babesgabetasuna.

Poemaren egiturak emeki eta ezarian garamatza bukaera larrira: trikua esnatu egiten da; berezko legeak errespetatzera daraman bere sena abian hasten da; automobilaren argiak azaltzean dator gatazka, trikuak ez baitu babes naturalik horrelakoen aurka.

Verso librean idatzirik dago, ez errima eta ez neurri; hain zuzen ere, poesiaren eta prosaren arteko muga-mugan.

Errima eta neurririk eza gora-behera, poetikotasunik ez zaio falta, hala ere.

Alderdi hau erritmoak ematen dio, batez ere.

Alderdi poetikoaren zenbait puntu aipatuko ditugu:

1. Erritmo egokia:

- Esnatzearen bat-batekotasuna, testuari hasiera emanez, aditza hasierara pasatuz gauzatzen da:

Esnatu da trikua...